XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Natura gaiztoa da edo Jainkoa dagoela egia da eta Jainko gaizto horrek irabazi bide dio partida Naturari.

Gaixoeraren beldurra. Zigorraren mehatxua. Eztabaidetan galdutako denborak ez du ezertarako balio izan. Ez.

Ez, Luisek ez du eragozpenik jarri.

Zergatik jarri behar zuen bada.

Ohituta egongo da.

Ohituta egongo da Elisabethekin.

Elisabeth. Non ote da Elisabeth. Maite ote du Elisabethek Luis.

Elisabethen osasuna. Babestu Elisabethen osasuna.

Zer duzun jakin nahi duzu. Zer gertatzen zaizun. Zergatik ez duzun hilabeteetan hilekorik izan. Zergatik zauden beti horren nekatuta.

Ez, ez duzu jakin nahi, ez duzulako gaixo egon nahi, ez duzulako ezer izan nahi, bizi nahi duzulako.

Nerbioak izango dira. Lehen ere hori esan zizuten. Estresa, nekea.

Analisiak egin beharko zenituzke.

Ez duzu jakin nahi.

Ez duzu gaixorik egon nahi. Ala bai?

Nahi al duzu, espero al duzu zure gorputzak azkenean zerbait esatea, zerbait egitera behartzea, norbaiti noizbait nolabaiteko zerbait eskatzera bultzatzea.

Laguntza. Beharbada laguntza da eskatzen ez dakizun maitasuna.